Urdaibai

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba izan zen EAEn lehendabizi izendatutako eremu babestua, UNESCOren bidez 1984an. Lurralde horretan balio handiko elementu naturalak eta paisaiak aurki daitezke, betiere berezko adierazpen kultural eta etnografikoarekin. Bizkaiko eremuaren hamarren bat den 220 km2-ko gune horretan ageri diren elementu naturalen eta adierazpen kulturalaren arteko erlazioak, garrantzi ekologiko paregabea ematen dio Euskal Herriari.


Urdaibai Biosfera Erreserba.

 

Biosferaren erreserbako lurraldea

Urdaibai Erreserbako mapa.

Urdaibai Kantauri itsasoko itsasbazterrean kokatua dago, Bizkaiko probintziako kostaldearen erpinean. Bere lurralde egiturapena irizpide biogeografikoen bidez egina dago, Biosferaren Erreserban bi ibai nagusien arroak aurkitzen direlarik: Golako ibaia, eta bereziki Oka ibaia, aran horren bizkarrezurra, bere azken zatian itsasadar bihurtzen dena.

Urdaibai Matxitxakoko lurmuturrak, Izaro irlak eta Arbolizeko muturrak mugatzen dute iparraldetik. Burgoa eta Sollube mendiaek mendebaldetik, Autxagana eta Astorganako muinek hegoaldetik, eta Saraua, Motrollu eta Kabelinatxe mendiek ekialdetik. Erliebea 800m-tik berako altitudeek adierazten dute, zabaleraz hamabi kilometrora heltzen ez den bitartean, luzetara berriz 20 kilometro ditu.

 

 

Eremu fisikoa

Ogoñoko itsaslabarrak.

Bere historia geologikoa konplexua eta aberatsa da. Nabarmendu beharrekoa da estuarioak sortutako egitura diapirikoa, bertan Triasikotik Kretaziko Goiztiarrerako ibilbidea ikus daitekeelako, gainera Bizkaian Jurasikoa azaleratzen den leku bakarra da. Beste elementu garrantzitsu bat kareharriek osatutako sistema karstikoa da, ibaiaren bi aldeetan ageri dena, horri esker eratu dira hainbat koba, dolina, leize, eta hobi barnealdean, kostaldean aldiz, Ogoñoko itsaslabarrak ditugu.

Berebiziko garrantzia eman behar zaie Santimamiñeko kobei, interes geologikoaz gain, arkeologikoa eta artistikoa ere badutelako, batez ere dituzten historiaurreko haitzuloetako margolanei esker. Beste elementu geologiko garrantzitsu batzuk Biosferaren Erreserban aldetik aldera azaleratzen diren basaltoak dira.

 

 

 

Urdaibaiko giza eremua

Duela 35.000 urte inguru hasi zen Urdaibain gizartiatzea. Eremu karstikootan ageri diren kobetan hainbat aztarnategi paleolitiko daude. Garai Neolitikotikotik hainbat lurperatze egin dira leku estrategikoetan ezarritako trikuharrietan. Beranduago, Burdin aroan, 3 irun okupatu ziren: Kosnoaga, Arrola eta Illuntzar, Urdaibaiko estuarioan bertan, Forun I mendetik IV mendera egon zen kokaleku erromatarrari jarraipena emanez.

Urdaibaiko herriak.

Borrokaldiak izan ziren garai latzak igaro ostean lehen hiribilduak sortu ziren, horietatik garrantzitsuenak Bermeo 1236an eta Gernika 1366an izan zirelarik. Momentu horretatik aurrera, burdinaren ekoizpen eta merkataritza, eta nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren inguruko ekonomiaren jaun eta jabe. Joera horrek XX. mendearen erdialdera arte iraun zuen, hortik aurrera industria, arrantza eta merkataritza gainjartzen hasi zirelarik.

Gaur egun, 45.000 biztanle inguru bizi dira Urdaibain, udan populazioa handitzen delarik. Eremu horretan 22 udalerri, eta horietako 12 bere osotasunean. Bertako herri garrantzitsuenak Bermeo eta Gernika-Lumo dira, biztanleen %80a biltzen dutelarik.

 

 

 

Paisai eta ekosistemen mosaikoa

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat paisaiaren kalitatea da, dauzkan ekosistema natural kopuruari zuzenki lotua. Ekologiaren ikuspuntutik garrantzitsuenak itsasadarra, artadi kantauriarra eta itsasaldea dira, guztiak babes bereziko gune izendatu zituen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako babes eta antolamendu legeak. Ekosistema guzti hauek landazabal atlantikoa osatzen dute, eta antzinatik landu izan dira lur horiek mosaiko paisai bat eratzen dutelarik.

 

paisai desberdinetako mosaikoa: basoak, landak, padurak eta hondartzak.
Urdaibai Erreserbako basoak
Urdaibaiko landazabalak
Padurak
Hondartzak, atzealdean Izaro uhartea ikus daiteke.

Urdaibaiko itsasadarrak Euskal Herriko kostaldeko hezegune garrantzitsuena eratzen dute, bai bere hedapen eta bai bere kontserbazio egoeragatik. Hainbat erakunde internazionalek ZEPA (Hegaztientzako Babes Bereziko Gunea) moduan onartu dituzte, Europako Gune Natural Babestuen artean, NATURA 2000 Sarean eta RAMSAR Hitzarmenean barneratu dituztelarik, hezeguneak babesteko akordio garrantzitsuenean. Gainera, kostaldeko hezegune honek garrantzi handia du Europako hegaztien migrazioan eta negua igarotzeko leku moduan.

 

Hegaztiak Urdaibairen gainetik hegan egiten. Hegazti askok Urdaibai aukeratzen dute atseden hartzeko edo elikatzeko gune bezala.
Gautegiz Arteagako padurak. Bertan Urdaibai Bird Center dago kokatuta, museo eta ikerketa zentroa.

 

Urdaibaiko itsasertzea oso anitza da ikuspuntu ekologikotik eta paisaia aldetik. Kostaldeko eremu hau habitat desberdinez osatua dago: Laida eta Lagako dunak, Izaro irla, Elantxobe eta Bermeoko portu arrantzaleak, eta Matxitxako eta Ogoñoko lurmuturrak, azken bi hauek oso gune egokiak dira hegazti itsastarrak kumatzeko.

Urdaibaiko itsasertzak. Dunak, Izaro uhartea, itsaslabarrak,...

 

Kantauriar basoa.

Artadi Kantauriarrak baso naturalaren gehiengoa suposatzen du, 1.500 ha gutxi gora bera. Hosto iraunkorreko baso hau kareharriz jositako inguruetan hasten da, non hasteko inguru baldintza onenak dituen: zoru kaskar eta drainatze handikoak. Baso honetan artea (Quercus ilex) da ugariena, halaber hainbat zuhaizka ere ageri dira, esaterako gartxu hostozabala, txorbeltza eta gurbitza. Gainera baso hau oso toki ezin hobea da zenbait ugaztunen babeserako, azkonarrarentzat, katajinetarentzat, basurdearentzat edota basakatuarentzat.

 

 

 

Biodibertsitatearentzako eremua

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba osoan 835 landare espezie aurkitzen dira, E.A.E.n aurkitzen diren landare espezien %30 hain zuzen ere. Guzti hauen artean hainbat espezie interesgarri ikus daitezke, hala nola, Euskal Herriko armeria (Armeria euscadiensis), zuhaitz-malba (Labatera arborea), betibizi urdina (Limonium vulgare) eta iratxe erraldoia (Woodwardia radicans).

Ornodunen artean 350 espezie daude Urdaibain. Espezie guzti hautatik hegaztien taldea da aipagarriena; 272 espezie erregistratu daude, ornodun espezie guztien %78 zehazki. Hegaztien artean ubarroi motoduna, mokozabala, arrano arrantzalea, arrano sugezalea eta ekaitz-txoria dira nabarmentzen direnak. Narrasti eta anfibioen artean azpimarragarrienak baso-igel iberiarra eta eskulapioren sugea dira, eta ugaztunen artean bisoi europarra. Gainera, dagoen habitat kopuruari esker, ornogabe asko ere aurki daitezke Urdaibaiko eremuan.

 

mokozabalak
Mokozabalen taldea Gautegiz Arteagako hezegunean.
Arrano arrantzaleak estuarioan du elikatzeko eta bere migrazioan zehar atseden hartzeko leku aparta.

 

Urdaibai, natura eta kultura ezagutu eta gozatzeko gunea

Urdaibaik aisialdirako, natura eta paisaiaren ezagupen eta gozapenerako hainbat aukera eskaintzen ditu. Kostaldetik barneko haranetara, itsasadarretik eta atlantiar basoetatik igarota, eremu honek hainbat ibilbide eta inguru arakatzeko aukera ematen digu, gizakiaren eta naturaren arteko erlazioa ezin hobe ikusteko. Paisaiaren errekurtsoetara zuzenki lotuta, Urdaibaik ekipamendu kultural eta museo ugari ditu bere eremu osotik banatuta eta guzti horiek ingurumen hezkuntza aberats bat eskaintzen dutelarik.

Urdaibai Bird Centerreko teknikari batek gidatuta, talde bat uretako hegaztien behaketa egiten ari da Urdaibaiko paduran.
Urdaibai Bird Center naturaren museo bizia da, jendaurrera irekita dago hegaztiez eta horien migrazioez gozatzeko.
Migrazioari buruzko mapa.
Gautegiz Arteagako hezeguneetako behatokia, Urdaibai Bird Centerrek kudeatua.