Berriak

aguila pescadora

 

Laugarren urtez jarraian Urdaibai Bird Centerrek (Aranzadi Zientzi Elkartea) Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Arrano arrantzalearen berreskurapen proiektua martxan jartzen du.

Asteburu honetan, Eskoziatik Urdaibaira 12 arrano arrantzale berri heldu zaizkigu, Urdaibai Bird Centerrek (Aranzadi Zientzi Elkartea) Urdaibain 2013.urtean martxan jarri zuen arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren baitan. Eskoziako gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioaren harira bost urtetan zehar (2013-2017) 60 indibiduo jasoko dira, urtero 12. Aurreko urteetan bezala, jaso diren arrano gazteak Moray inguruko habietan batuak izan dira. Eskoziako
iparraldeko lurralde horretan gutxi gora-behera 300 bat bikote ugaltzaile daudela estimatzen da, hori dela eta, bertako agintariak gai izan dira zenbait indibiduo emateko bertako populazioa kolokan jarri gabe.

 

aguilas preparadas

 

Urtero bezala, kumeak habietatik hartzea eta Urdaibairaino garraiatzea izan da zailtasun gehieneko lana, baina, plangintza on batek eta tekniko espezializatuen parte hartzeak lagunduta ez da inongo arazorik egon. Horiek horrela, oso garrantzitsua izan da kumeak habietatik hartu baino lehen jakitea habi bakoitzeko arrano bakoitza zein osasun egoeran dagoen habitik hartu eta behar den moduan garraiatua izateko.

Behin habiatatik hartu ostean, arranoak Highland Foundation for Wildlife zentroan batu zituzten guztira 12 indibiduo egon arte, urte honetan 12 arrano arrantzale izan dira jaso direnak.

 

IMG-20160712-WA0000

 

Horrekin batera astelehenean Ben Ross eta Fiona Strachan "Scottish Natural Heritage" elkarteko kideen bisita izan genuen Urdaibai Bird Center eta arrano arrantzalearen instalazioak ezagutzeko helburuarekin.

Zentroan bertan osasun egoeraren azterketa egin zien albaitari taldeak eta elikatuak izan ziren Aberdeen-era garraiatuak izan arte. Aberdeen-etik Madrilera bidaiatu zuten Londresetik pasata. Bidaian zehar arrano arrantzaleak zainduak izan ziren Eskoziara joan zen Urdaibai Bird Center-eko tekniko laguntzaile baten bitartez. Behin Madrilera iritsita, Bizkaiko Foru Aldundiko furgoneta batetan sartu ziren arrano arrantzaleak eta Urdaibaira garraiatu. Guztira, bidaiak, 24 ordu iraun zuen. Urdaibaira iritsitakoan beharrekoak ziren neurri morfologikoak hartu eta lumen laginak hartu zitzaizkien analisi genetikoaren bidez zein sexutakoak diren jakiteko.

 

torre aclimatacion

 

Horren ondoren, arrano gazteak Urdaibai Bird Center-ek kudeatzen dituen habi artifizialetan sartu ziren. Abuztu hasierara arte gutxi gora-behera zainduak izango dira.

Behin arranoak aske daudenean Urdaibai Bird Centerreko teknikari eta laguntzaileek arrainak utziko dituzte hezeguneko toki konkretuetan arranoek janaria eskuragarri izan dezaten oraindik ere arrantzan egiteko teknika garatu gabe daukate eta.

Arrantzan eta hegan trebatu ostean negua pasatzeko migratu egingo dute Guineako golkoraino, Afrika subsahariarrera. Migrazioko oztopo guztiak gainditu eta arrantzan egiteko gaitasun handiena duten arrano arrantzaleak soilik bueltatuko dira. Bikotea aurkitu eta Urdaibai Biosfera Erreserban kumatzen dutenean proiektuaren helburu nagusiena betea izango da.

Hain zuzen ere, Joan den urtean lehen aleen itzulera gertatu zen, 3 ar gazte Urdaibaira bueltatu ziren eta laugarren bat Asturias inguruan ikusi zen.

Aurten, euretariko bi Urdaibain ikusi ahal izan dira berriz. Arranoetariko bat Urdaibain geratu da eta ohikoa da Urdaibai Bird Centerreko padura aurrean ikustea. Bestea "Livingston" izenekoa kostaldetik zehar dabil, eta azkenengo berriek Frantziako kostaldeko Landetako erreserba natural batetan kokatzen dute. Orain beharrezkoa eme bat etortzea litzateke, bikote bat eratu eta euskal hezeguneen birkolonizazioa hasi dezaten. Zentzu horretan, Urdaibai Bird Center-eko langileak itxaropentsu sentitzen dira espezie ikusgarri eta enblematiko horren ugalketa errealitate bat bihur daitekeelako urte batzuren buruan. Zalantza barik gertaera oso positiboa da ingurumen hezkuntzarako eta inguruan ekoturismora sustatzeko.